Urkiola Bizkaiko hegoaldeko eta Arabako iparraldeko natura parke bat da, Durangaldean eta Zuiako kuadrillan kokatua.
5.958,3 hektarea ditu, eta bere barnean hartzen ditu Bizkaiko Abadiño, Amorebieta-Etxano, Atxondo, Dima, Durango, Mañaria eta Izurtza udalerriak, eta Arabako Aramaio.
Parkean dauden harriek —material sedimentarioek— 140-110 miloi urte dituzte. Paisaia karstikoa osatzen dute.
Lehen giza-aztarnak Erdi-Paleolitikokoak dira, K. a. 90.000 – 32.000 urtekoak.
Urkiolak Durangaldeko gailurretan ditu mugak, Anboto eta Aramotz mendikateen gailurretan, hain zuzen. Mendigune horien gaineko harkaitzak ekialdetik mendebalderantz daude lerrokaturik, Kantauri-Mediterraneoisurialdeen ur-banaketa osatuz. Ingurune hori balio handikoa da, natura, kultura eta ikuspegien aldetik, eta Euskal Herriko ekosistemarik bereizgarrienetarikotzat har daiteke. Urkiola artzainlekua eta basogunea izan da betidanik; aldean ez dago aipatzeko herririk, San Antonio Santutegia eta aldameneko ostatu eta jatetxeak izan ezik.

